Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Hainbat eurodiputatuk bake-prozesua indartzea eskatu diote Espainiko Gobernuari

2014/01/14

Europako Parlamentuko Berdeak-ALE taldeko eurodiputatuek eskatu diote Espainiako Gorbenuari urratsak egin ditzan Euskal Herriko bake-prozesuaren alde. Aldi berean, Europako agintariei eskatu diete parte har dezaten prozesuaren garapenean.

 

Mark Demesmaeker, Tatjiana Zdanoka eta Inaki Irazabalbeitia eurodiputatuek prentsaurrekoa egin dute Europako Parlamentuan, Euskal Herriko bake-prozesuaren egoerari buruz beren iritzia emateko.

Hiru europarlamentarioek hagitz positiboki baloratu dute EPPK abenduaren 28an emaniko dokumentua. Horretan hiru ideia oso inportate biltzen direla seinalatu dute, kolektiboaren jarrera-aldaketa ekarri dutenak eta gatazkaren konponbidean aurrera egiten lagunduko dutenak:

  1. Presoek eragindako kaltea onartu dute.
  2. Bide demokratiko eta baketsuak soilik erabiltzeko konpromisoa hartzen dute lan politikoa egiteko, eta iraganeko metodoak berriro erabiltzeari uko egiten diote.
  3. Onartzen dituzte gaur egungo gartzela politikak eskaintzen dituen bideak, espetxetik banaka ateratzeko eta era mailakatu batean ateratzeko.

Azken puntu hori bereziki garrantzitsua da, kolektiboaren estrategian aldaketa ekartzen baitu, gaur arte horrelako irtenbideak onartzeari uko egiten ziotelako. Gainera oso kritiko agertu izan dira halako aterabideak onartu dituzten presoekiko.

Eurodiputatuek, aldiz, gogor kritikatu dute Espainiako gobernuak agiriari emandako erantzuna, bai egin dituen adierazpen publikoei dagokionean eta baita ere burutu dituzte azken operaziekiko: Guardia Zibilak egindako interlokutore eta abokatuen atxiloketak, gartzelaratzea – zeintzuk Aralarren bozeramaileak “astakeria juridikotzat” jo dituen-, eta larunbateko presoen aldeko manifestazioa galaraztea.

Inaki Irazabalbeitiak hurrengoa adierazi du: “horrelako ekimenek ez dute lekurik bake prozesuan urratsak eman nahi badira. Are gutxiago presoen agiria ezagutu ostean. Badirudi kontrako norabidean doala Espainiako gobernua, alegia, oztopatu edo zaildu nahi duela ETAren bukaera ordenatua”.

Bestalde, Mark Demesmaeker eurodiputatuak eskaera zuzena egin dio Espainiako gobernuari: jarrera errotik aldatu dezala eta Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egiteko erabakia hartu dezala, elkarrizketaren bidez eta demokratikoki gatazka konpontze aldera. Gainera, azpimarratu du Europar Batasuna Irlandako gatazkaren konponbidean ere aktiboki inplikatu zela. Ondorioz, Europako erakundeei ere inplikazioa eskatu die. Zehazki, Batasunari eskaera luzatu dio Espainiako gobernuari ildo horretatik presionatze bidean.

Bukatzeko, Tatiana Znoka euskal gizartea zoriondu du Espainiako gobernuaren probokazioei duintasunez eta zentzuz erantzun zielako, larunbateko manifestazioarekin gertatutakoaren harira. 130.000 pertsona bake prozesua desblokeatzearen alde kalera atera zirela azpimarratu du.

Hiru eurodiputatuek itxaropena dute Espainiako gobernuak eta Europako erakundeak arduraz jokatuko dutela, euskal gizarteak aurrera egiteko duen borondatearen aurrean.