Irazabalbeitia: “Bestelako Europa posible da”
2013/07/15
Irazabalbeitiak agerraldia egin du gaur goizean, Donostian, hurrengo hilabeteetako bere jardunean izango dituen lan-ildoen eta helburuen berri emateko. Azaldu duenez, Aralarrek Europako Parlamentuan egiten ari den lana bi ardatz nagusien inguruan biltzen da. Batetik, ETAk jarduera armatua behin-betiko utzi izanak ireki dituen aukerak errealitate bihur daitezen lan egingo du.
“Aralarren iritziz, bakean eta normalizazio-politikoan sakontzean ezinbestekoa da, baina garbi dago prozesua geldirik dagoela Madrilgo gobernuaren jarrera inmobilista medio. Jarrera hori aldarazteko Europako agintariek nolabait prozesuan parte hartzea beharrezkoa dela uste dugu. Beraz ildo horretan lobby lana egitea izango da lehentasunetako bat”.
Beste ardatza Euskal Herriaren eta euskal herritarren interesen defentsa egitea izango dela azaldu du Aralarren europarlamentariak, “ikuspegi sozialetik zein nazionaletik”.“Orain Europako Batasunean ezartzen ari den eredu sozio-politikoarekin ez gaudela ados aldarrikatuko dugu Europako Parlamentuan eta beste eredu sozialagoa eta demokratikoagoa posible dela erakusteko ekimenak bideratuko ditugu”, azpimarratu du. Zentzu horretan, gaineratu du ongizatearen estatuaren defentsan jardungo duela eta ereduko ekonomiko neoliberala borrokatuko duela. Halaber, Europako Batasuneko are demokratikoagoak eta herritarren kontroletik gertuago egin daitezen eskatuko du Aralarrek. Bestetik, Europako herriek eta nazioek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatuko du.
Aralar ALE Europako Alderdi Politikoko kide izanik, Europako Parlamentuko Berdeak-ALE talde parlamentarioko kide da, hots, parlamentuko laugarren talderik handienaren kide. Irazabalbeitiak batzorde hauetan dihardu lanean: Eskualde Garapena, Arrantza Batzordea, Eskaeren Batzordea eta Emakumeen Eskubideen eta Parekidetasun Batzordea.
“Bartzorde horiek guztiak inportanteak izanik ere, Eskaeren batzodea bereziki interesgarria da herritarretzat zein gizarte-eragileentzat. Europako herritarren oinarrizko eskubideetako bat da Europako Parlamentuari eskaera bat egitea Europako Batasunaren eskumen-esparruaren ingurukoa. Eskaera izan daiteke kexa, salaketa edo iradokizuna eta Parlamentuari posizio bat har dezan eskatzen zaio. Horiek guztiak Eskaeren batzordean aztertu eta erabakitzen dira”, azaldu du
Irazabalbeitiak. “Animatu nahi ditugu herritarrek erreminta hau erabil dezaten”.
Aralarrek jada bi eskaera sustatu ditu: bata Castejongo zentral termikoari buruzkoa eta bestea Barakaldoko edateko uraren kalitateari buruzkoa.Parlamentarien lanerako beste erreminta bat Batzordeari edo Kontseiluari eginiko galderak dira. Aralarrek jada hamar bat galdera egin ditu hainbat esparrutakoak: giza eskubideak, baketzea eta normalizazioa, industria-deslokalizazioa, ingurugiro-arazoak eta beste. Era berean, gutun bat igorri dio Inaki Irazabalbeitiak Vivian Reding Justizia, Oinarrizko Eskubideak eta Herritartasuna komisarioari Jose Maria Gorroñok Gernikako alkatearen inputazioaz eskatuta kasuaren jarraipena egin dezan eta Espainiako gobernuari eska diezaiola
salbuespeneko legedia bertan behera utz dezan.
Herritarren interesak defendatzeko, herritarrekin harreman etengabean egotea ezinbestekoa da, Aralarren ustez. Horrexegatik, besteak beste, webgune bat abian jarri du Inaki Irazabalbeitiak: www.irazabalbeitia.eu. Horren bidez, Irazabalbeitiak Europako Parlamentuan egiten diharduen lanaren berri zehatza emago da. Era berean, bidea emango zaie herritarrei europarlamentariarekin
harremanetan jartzeko beren kezkaz, iradokizunak eta gainerakoak helarazteko modua izan dezaten.